Ondare historikoan espezializatutako diziplina anitzeko talde tekniko batek zuzentzen ditu Orgaztarren dorre-jauregia zaharberritzeko lanak, eta harexek ezartzen ditu esku hartzeko jarraibideak. Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Sailaren Ondare Historiko-Arkitektonikoaren Zerbitzuak, Zaharberrikuntza Zerbitzuak eta Museo eta Arkeologia Zerbitzuak gainbegiratzen dituzte lanak, kultur ondasunarekiko errespetua eta haren kontserbazioa bermatzeko.
Orgazko Kondeen Dorre-Jauregiaren historia berpizten du
Historia
Orgaztarren Dorre-Jauregia
Orgaztarren dorre-jauregia Fontecharen ondoko muino txiki batean dago, eta, historian, Miranda Ebroren eta Larrazubiren arteko komunikabide nagusietako batean gailendu da. Erdi Arotik, dorrearen kokapena giltzarria izan da, Arabaren eta Gaztelaren arteko antzinako mugan baitzegoen, Urduña Miranda Ebrorekin lotzen zuen merkataritza-bide garrantzitsu batean.
Eraikina Hurtado de Mendoza sendi boteretsura lotuta egon zen. Senar-emazte horiek Fontechako jaun-andreak izan ziren XIV. mendean, eta, 1520an, Carlos V.a enperadoreak Orgazko konde izendatu zituen. Mendez mendez, dorrea eraldatzen joan da: defentsarako gotorleku izatetik bizitegi-multzo izatera igaro zen, bizigarritasuna hobetu eta jabeen boterea islatu zuen jauregi bat eraiki zutelako.
Aro garaikidean, noblezia-eginkizuna galdu zuen, eta baserri gisa erabili zuten, jauregi-itxurari soilik eutsita. Pixkaka, utzikeriak harrapatu zuen, eta egitura asko narriatu zitzaion, zati bat erabat hondatu arte.
XX. mendearen amaieratik, Orgaztarren dorre-jauregia leheneratze- eta balorazio-prozesuan sartuta dago, eta, horren ondorioz, Arabako ondare-erreferente nabarmenenetako bat da orain. Arabako Foru Aldundiaren eta Añanako Kuadrillaren arteko lankidetzari esker, multzoak aterpe ematen dio zaharberritze arkitektonikoan espezializatutako prestakuntza-eskola baten proiektuari, non ondarea, ikerketa eta ikaskuntza uztartzen baitira.
Balio historiko arkitektonikoa
Dorrea toki estrategiko batean dago, bidegurutze batetik hurbil, eta kokapen isolatuagatik nabarmentzen da, bai eta ingurutik ikusten den silueta izugarriagatik ere. Kalitate handiko harlanduz eraikita, dorre gaztelauen eragin argia atzematen zaio, Gaztelak Gaubean izandako pisuaren eta Gaztelan jabetza zabalak zituzten Hurtado de Mendozatarren boterearen isla.
Multzoa ondo bereizitako bi bolumenetan antolatuta dago: batetik, dorrea dugu, tokirik altuenean kokatuta, eta, bestetik, jauregia, dorrearen alboetako bati atxikita. Jatorrian, harresi batek inguratzen zuen, baina, gaur egun, haren zati bat baino ez da geratzen, iparraldean.
Abandonatu zutenetik gaur arte, multzoa 1997an abiatutako leheneratze-prozesu bizi baten xede izan da. Esku-hartzeetan, honako hauek egin dira: multzoaren hiru dimentsioko eredua eta dokumentazio grafikoa jasotzea, behin-behineko tailerrak eta karpak eraikitzeko proiektuekin jarraituz; harlanduzko fabrika egitea; bi eraikinetako solairuen eta eskaileren forjaketa guztien zurezko armazoia egitea; dorrearen ekialdeko eta hegoaldeko murruak eta zimenduak sendotzea; logia, estalkia eta arotzeriak egikaritu eta muntatzea; berehalako ingurunearen paisaia-integrazioa eta urbanizazioa gauzatzea eta, azkenik, Micaela Portilla Eskolaren prestakuntza-erabilerei toki egiteko zurezko gelak egokitu eta egikaritzeko proiektua burutzea.
Balio arkeologikoa
Micaela Portilla Orgaztarren dorrea aztertzeko eta baloratzeko sustatzaile nagusietako bat izan zen, eta multzoarekiko interes berezia erakutsi zuen, 1990eko hamarkadan arkeologia-ikerketak hasi aurretik.
1998tik 2018ra bitartean, esku-hartze eta azterketa arkeologiko ugari egin ziren, eta Fontechako Orgaztarren Dorrearen Azterlan Historiko-Arkeologikoan jaso. Lanen barruan, hauek egin ziren: batetik, eraikinaren dokumentazio-azterketa eta analisi estratigrafikoa; bigarrenik, zundaketak eta indusketak multzoaren zenbait tokitan, hala nola kanpoko hobian, inguruko harresian, jauregian, patioan eta beste leku batzuetan, eta, hirugarrenik, zaharberritze-lanen jarraipen arkeologikoa.
Azterketa horiei esker, multzoaren hainbat eraikuntza-fase identifikatu ahal izan dira. Guztira, 11 fase bereizi dira, baina etapa historiko handi batzuetan multzokatu daitezke: dorrearen aurretiko gotorlekua, dorrearen eta harresiaren eraikuntza, oholtzaren instalazioa, jauregi bihurtzeko eraldaketa eta, azkenik, baserri bilakatzeko prozesua. Gero, utzikeriaren esku geratu zen.
Zaharberritze arkitektonikoaren metodologia
Orgaztarren dorre-jauregia zaharberritzeko lanak Arabako beste ondare-proiektu batzuetan (adibidez, Gasteizko Santa Maria katedralean eta Añanako Gatz Haranan) probatutako metodo teoriko eta praktikoetan oinarritu dira. Esperientzia horiek bidea jarri dute antzinako eraikinen dokumentazioa, ikerketa historikoa eta esku hartzeko sistemak hobetzeko, betiere zaharberritze arkitektonikoaren helburuei eta mugei buruz hausnartuta.
1998tik, Micaela Portilla Eskolarekiko lankidetza funtsezkoa izan da. Arabako Foru Aldundiaren eta Añanako Kuadrillaren artean sinatutako hitzarmenari esker, eskola bat sortu zen, non ikasleak hargintzako, igeltserotza historikoko, paisaia-berrezarpeneko eta zureriako espezialistak izateko trebatzen baitira, aldi berean dorrearen eta jauregiaren zaharberritze-lanetan parte hartzen dutela.
Esku-hartze horiei esker, multzoaren barrualdeak erabiltzeko moduan daude, betiere monumentu historikoa dela ahaztu gabe, jakina.
Proiektuaren zuzendaritza teknikoa
Esku hartzeko irizpide nagusiak
Hala, ondare historiko-arkitektonikoaren oinarrizko printzipioek gidatzen dituzte Orgaztarren dorre-jauregia zaharberritzeko lanak:
• Ahalik eta esku-hartzerik txikiena, jatorrizko eraikina ahalik eta gehien errespetatzeko.
• Bereizgarritasuna eta gaur egungo adierazpena, betiere egituren benetakotasunari eutsiz.
• Erabilitako materialen eta tekniken itzulgarritasuna eta bateragarritasuna.
• Iraunkortasuna eta jasangarritasuna, ingurumenari nahiz ekonomiari dagokienez.
• Multzoaren izaera historikoaren kontserbazioa.
Lanek, oro har, eraikinaren kontserbazioa, funtzionaltasuna eta historiarekiko errespetua orekatzea dute xede.
Hautatutako soluzioa
Micaela Portilla Eskolak jauregiaren barruan erabiltzen dituen lekuak bateratzeko, “atomizazio-ikuspegiaz” baliatu ziren, jatorrizko murruetan esku-hartzerik egin gabe: programa modulu independentetan edo “kutxetan” antolatzen da, eta, horien barruan, ikasgelak, bulegoak eta aldagelak daude. Unitate horiek aurretiko solairuetan bermatzen dira; jarraitutasun espazialari eusten diote, eta zura erabiltzen dute material nagusi gisa.
Planteamendu horrekin, ikasleek beraiek eraikitzen edo aldatzen dituzte moduluak, zerbitzuak jartzean ez zaio egitura historikoari eragiten, eta esku-hartzea itzulgarria, benetakoa eta irakurgarria izatea ziurtatzen da.
Horretaz gainera:
1. Proposamenak zentzu soziala ere badu, prestakuntza zaharberritze arkitektonikoan txertatzen baitu.
2. Eskolako esperientzia praktikoa monumentutik harago hedatzen da, eta horrek eskualde osoari eta haren lurralde-inguruneari egiten die mesede.
Berriztapena
Deskubritu zaharberritze- eta egokitzapen-prozesua.
Galeria
Dorre-Jauregiaren argazki zaharrak
Dorre-Jauregiaren egungo argazkiak